XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Neurri haiek gaitzetsi egin zituzten Gipuzkoako erakundeek, alde batetik foruen eta autonomia administratiboen kontrakoak zirelako eta, bestetik, Erregeak probintzian ordurarte baino erakunde eta organo gehiago edukitzea zekartelako uniformitatearen bide hartan.

Gainera, probintziari onuragarriagoa zitzaion ordurarte izandako ohizko errege tutela motari eustea.

Ordurarte Probintziak ezarritako zergak, kredituen bitartez eskuratutako kapitalak eta inbertsioak kontrolatzeko eta kontuen auditoria korregidorearen bitartez egiteko ahalmena bakarrik zuen Erregeak.

Hortaz, usadio zaharren arabera, udal zergen eta sarreren gestioa egiteko askatasun haundiagoa zuten udalek eta bertako jauntxoek, azken batean probintziako boterean, Batzarre Nagusietan eta Diputazioan alegia, zeudenak.

Une hartatik aurrera eta gizaldiaren amaiera arte legezko liskar eta auzi luze batean aritu ziren Probintzia eta Estatua, eta azkenean legeria orokorra bertan oso-osorik ez aplikatzea lortu zuen.

Aduanen sistema zen bigarren liskargaia.

Nekazaritzak herrialdean behar adina elikagai ematen ez zituenez, itsasotik ekartzeko askatasunez baliatzen zen Gipuzkoa behar zituen janariak eskuratzeko, ez baitzuen arielik ordaindu behar.

Aduanak Ebro ibaian jarrita zeuden eta, beraz, Gipuzkoa zona zergagabea zen itsasotik zetozen salgaietarako.

Estatuaren erreforma eta eratzen ari zen merkatu nazionala, ordea, ez zetozen bat egoera horrekin, eta horregatik aduanen sistema ere aldatzen saiatu zen Estatua mendearen hasieratik bertatik.

Hartutako neurrietan ausartena beharbada Ameriketako koloniekiko merkataritza liberalizatzea izan zen, 1778an erabakitakoa.

Merkataritza librean aritu nahi zuten portuek Estatuko aduana agintarien menean jarri behar baitzuten.

Hori, jakina, foruekin kontraesan nabarmenean zegoen.

Horregatik, merkataritza interesei begira foruen pribilegioari gai horretan behinik-behin uko egitea komeni zen arren, hiru probintziek Arrasaten 1780ko urrian egindako batzarrean proiektu hura gaitzestea erabaki zuten.

Handik bederatzi urtetara ere Donostiako Udalak hartarako egin zuen eskaera bat ezetsi egin zuten ostera.

Beraz, kontrabandoaren eta dibisen trafikoaren bidea besterik ez zen geratzen zabalik.

Egoerak ez aurrera ez atzera egiten ez zuelarik, Gipuzkoako gizartearen batasuna pitzatzen hasia zen.

Batzuk foruen tradizioari eutsi nahi zioten.